Donostiako 60tik gora merkatarik eta ostalarik hartuko dute parte euskara ikastaroetan
"Lanerako idazkiak I" eta "Lanerako idazkiak II" ikastaroetan izena emateko aukera izango da martxoan.
Donostiako Euskararen Udal Patronatuak merkatarientzako eta ostalarientzako euskara ikastaroak antolatu ditu urtero legez. 62 pertsonek (45 merkatarik eta 17 ostalarik) eman dute izena aurtengo deialdian.
Izena eman dutenen erdiek lehen aldiz hartuko dute parte oinarrizko euskarazko ikastaroan. Ikastegiak 60 orduko iraupena izango du eta bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzeko lehen urratsak emango dituzte merkatariek eta ostalariek. Horretarako, oinarrizko hiztegia, agurrak, ohiko egoeren simulazioak, errotuluak, eta abar landuko dituzte. Gainerakoek, aurreko urteetan egindako oinarrizko ikastaroari jarraipena emango diete, bezeroei harrera euskaraz egin edota elkarrizketa motzak euskaraz izan ahal izateko.
Hainbat ikastaro otsailean hasi ziren eta besteak martxoan hasiko dira. Lanerako idazkiak I eta Lanerako Idazkiak II ikastaroetan parte hartu nahi dutenek, esaterako, martxoan izango dute izena emateko aukera. Ikastaro horiek 25 orduko iraupena izango dute.
Urumea, Legazpi 6 eta Irrintzi AEK euskaltegietan izango dira klaseak. Oinarrizko ikastaroen kostua 60 eurokoa izango da eta idazteko gaitasuna hobetzekoena, berriz, 30 eurokoa. Finantzaketarako diru laguntzak ematen dituzte HABEk eta Euskararen Udal Patronatuak (kostuaren %60 hartzen du bere gain). Gainera, asistentziaren %85 gainditzen dutenek ikastaroetan erabiliko den materiala doan lortzeko aukera izango dute.

