Etorkinen dendak ugaritzen ari dira
Telefonotegia, telegiroa eta beraien herrialdeetako produktuak eskaintzen dituzte bereziki.
Gure herrietan gero eta etorkin gehiago dago. SOS Arrazakeria elkarteko Agustin Unzurrunzagak dioenez, hasieran langile modura hasten dira lanean baina denbora pasa ahala autonomo izateko pausoa eman nahi dute. Eta dirudienez, gero eta gehiago dira nahi hori bete eta euren herri eta hirietan dendak jartzen dituztenak.
Telefonotegi eta telegiro zerbitzuak eskaintzen dituzten dendak zabaldu izan dituzte askok eta askok, baina gero eta lanpostu anitzagoak betetzen dituzte etorkinek: ile-apaintzaile, tabernari, arropa saltzaile… Edwin Espin ekuadortarrak eta Amadou Gaye senegaldarrak telefonotegiak dituzte. Espinek zazpi telefono ditu Hernaniko lokalean eta, ordenagailuak eta hainbat tokitako jakiak ere topa ditzake bertaratzen denak. Gayeren telefonotegia Donostian dago. Arlo horretako prezioen konpetentziari aurre egin nahian telefonotegien elkarte bat sortu nahi izan zuten hainbat jabek baina azkenean ideia ez zen gauzatu.
Milquella Medina, berriz, ile-apaintzailea da. Bere herrialdean, Dominikar Errepublikan, lan bera egiten zuen eta horretan dihardu Donostiara iritsi zenetik. Lehen lagun batekin egiten zuen lan baina orain, bere ile-apaindegia du. Bezero gehienak kolonbiarrak, nikaraguarrak, brasildarrak… dira.
Ikus daitekeenez, batzuek lortu dute beren helburua baina Unzurrunzagaren esanetan baldintza zorrotzak ezartzen zaizkie denda bat jarri nahi duten etorkinei. Besteak beste bideragarritasun plan oso bat aurkeztu behar dute: negozioa aurrera ateratzeko nahiko diru-sarrera dutela ziurtatu; aurreikuspen, inbertsio eta gastuen berri eman…
- "Denda bat zabaldu nahi duen etorkina hemen geratu nahi duela esaten ari zaigu" Noticias de Gipuzkoa
- Eskuekin bezeroak pinpirinduz Noticias de Gipuzkoa

