Euskara ikastaroak antolatu dituzte Oiartzungo merkatari eta ostalarientzat
Hiru ikastaro mota izango dira, ezagutza mailaren arabera banatuta.
Ttur-ttur Euzkaltzaleon Bilguneak eta Oiartzungo Udalak hitzarmen bat sinatu dute herriko merkatari eta ostalarien artean euskara sustatzeko asmoz. Horretarako, hiru ikastaro mota antolatuko dituzte: oinarrizko ikastaroa euskara ezagutzarik ez dutenentzat izango da, eta bezeroekin elkarrizketa xumeak izatea ahalbidetuko die parte-hartzaileei; bigarren mailako ikastaroa aurreko urtean oinarrizko ikastaroa egin zutenei zuzenduko zaie; azkenik, alfabetatze ikastaroa eskainiko dute, euskara ezagutu baina hitz egin eta idazteko ohiturarik ez dutenentzat.
Ikastaroak urtarrilaren 13tik maiatzaren 28ra egingo dituzte, astearte eta ostegunetan. Izena emateko epea azaroaren 14an zabaldu eta abenduaren 15ean itxiko dute. Alfabetatze ikastaroa Oiartzunen egingo dute, baina oinarrizko eta bigarren mailako ikastaroetan behar adina jende ez badago eskualdeko beste merkatari eta ostalari batzuekin batera emango dituzte klaseak.
- Oiartzun organiza tres cursos de euskera para comerciantes y hosteleros Noticias de Gipuzkoa

