Euskara ikastaroak ostalari eta merkatarientzako
Abuztuaren 25etik irailaren 8ra arteko epea dute hiriko ostalariek eta merkatariek euskara ikastaroetan izena emateko. Oinarrizko ikastaro berezituak dira eta oso praktikoak.
Donostiako Euskararen Udal Patronatuak merkataritza eta ostalaritzako langileentzako euskarazko ikastaroen eskaintza egin du berriro aurtengorako. Irailean martxan jarriko diren ikastaroak merkatari eta ostalarien neurrira prestatuta daude, hizkuntzaren ezagutzan eta komunikazio gaitasunean urratsak eman ditzaten. Oinarrizko ikastaro praktikoak eskaintzen dira eta horien helburua bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna lortzea da. Ikastaroetan lan-esparruko egoera arruntei dagozkien hizkuntza-oinarri batzuk jorratuko dituzte: oinarrizko hiztegia, agurrak, ohiko egoeren simulazioak, errotuluak…
Bestalde, euskara jakin arren, idatzizko komunikazio gaitasuna hobetu nahi dutenentzat ere ikastaroak eskainiko dira. Ikastaro hauetan laneko idatziak landuko dira: faxak, e-mailak, fakturak, gutunak, erreklamazioak…
Izena emateko epea abuztuaren 25ean zabalduko da eta interesatuek irailaren 8rako eman beharko dute izena Euskararen Udal Patronatuaren bulegoan, www.merkatari.net edo www.euskaraz.net web guneetan edota sektoreko elkarteren batean: Gipuzkoako Merkatarien federazioa, Dendass, Zaharrean-Centro Erdi, Auzoa eta Gipuzkoako Ostalarien Elkartea
Diruz lagundutako ikastaroak
Ikastaroak irailean hasiko dira, hainbat euskaltegitan eskainiko dira eta hiruzpalau hilabete iraungo dute. Oinarrizko bi ikastaroak 60 ordukoak dira eta bakoitzarengatik 60 € ordaindu behar da. Idazteko gaitasuna hobetzeko ikastaroak berriz, 25 ordukoak dira eta 30 € balio dute. HABEk eta Euskararen Udal Patronatuak diruz lagundutako ikastaroak dira.
Euskara balio erantsia negozioarentzat
Euskaldunen kopurua etengabe hasten ari da Donostian: donostiarren %40,35 euskalduna da eta %26,62 ia euskalduna da. Gazteen artean, 25 urte azpikoen artean, euskaldunak eta ia euskaldunak %90era iristen dira. Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko euskara ordezkariaren esanetan “kontuan hartzeko datuak dira. Gero eta euskaldun gehiago izanda, bezero euskaldunek zerbitzua euskaraz jasotzea eskertuko dute. Euskarak balio erantsia ematen dio negozioari, zerbitzu hobea eskaintzeko balio du”.
Donostian, 2011ko abuztuaren 24an

