Merkatari.net egitasmo berria
Merkatari.net egitasmo berria merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorean euskara sustatzeko. Hiriko 7 auzotako 600 establezimendu bisitatuko dira apirilean
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak merkatari.net egitasmo berria jarri du martxan merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorean euskara sustatzeko. Euskara zerbitzuak bi helburu erdietsi nahi ditu egitasmo honekin: Udalak euskara sustatzeko eskaintzen dituen baliabide eta zerbitzuen berri ematea batetik, eta bestetik, establezimenduen egoera soziolinguistikoa ezagutu eta hiriko merkatariek eta ostalariek dituzten hizkuntz premiak eta beharrak aurrez aurre jaso, zerbitzu hobea eskaini eta euskararen presentzia areagotzeko.
Nerea Txapartegi, Kulturako eta Euskarako ordezkariak adierazi du “establezimenduek, euskara erabilita, beren komunikazioa eta bezeroei eskainitako arretaren kalitatea hobetzen dute, negozioaren errentagarritasuna areagotuz”.
Merkatari.net egitasmoa aurrera eramateko Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua elkarlanean ari da Donostiako Sustapena udal-elkarte publikoarekin eta sektoreko SShops Donostia, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea eta Gipuzkoako Merkatarien Elkartearekin. Siadeco enpresa izango da lanaren zuzendaritza teknikoaz arduratuko dena.
Egoera soziolinguistikoaren diagnostikoa eta zerbitzuen katalogoa
Merkatari.net egitasmoaren lehen fasean, 600 establezimenduren egoera soziolinguistikoari buruzko informazioa jaso, hizkuntza beharrak aztertu eta diagnostikoa egingo da. Establezimenduei buruzko informazioa jasotzeko, behar bezala kreditatutako elkarrizketagileek establezimenduak banan-banan bisitatuko dituzte datozen egunetan. Diagnostikoa egiterakoan hainbat alderdi aztertuko dira: langileen hizkuntza gaitasuna, hizkuntza zerbitzuen beharrak, euskararen erabilera maila ahoz nahiz idatziz, eta abar. Establezimenduaren egoera soziolinguistikoa ezagututa eta bertan dituzten hizkuntz premiak eta beharrak aurrez aurre jasota, zerbitzu hobea eskaini eta euskararen presentzia areagotzeko aukera gehiago egongo da.
Bestalde, bisita honetan sektoreko profesionalek Udaleko Euskara Zerbitzuak egun eskaintzen dituen zerbitzu eta baliabideen berri izango dute eta zerbitzuen katalogo bat jasoko dute (erantsita doa dosierrean). Eskaintzen diren zerbitzuen azalpenak eta xehetasunak emateaz gain, profesionalek udalari egiten dizkioten eskaerak ere jasoko dira. Gogoratu behar da Udaleko Euskara Zerbitzuak hainbat zerbitzu eskaintzen dituela: kanpoko errotulazioa euskaraz jartzeko dirulaguntzak, euskara ikasteko dirulaguntzak eta ikastaro praktikoak, jendaurreko testuen itzulpena eta zuzenketa dohainik eta establezimenduaren komunikazioa hobetzeko euskarazko materialen eskaintza.
Bisita 600 establezimendutara egin arren, zerbitzu horiek Donostiako establezimendu guztiei zuzenduta daudela nabarmendu behar da.
7 auzotako 10 kale komertzialetako 600 establezimendu
Donostiako Udalak urteak daramatza merkataritza eta ostalaritza alorrean euskara sustatzeko ahaleginean. Merkatari.net egitasmo berri honek, komunikazioa hobetu eta sektorea hobeto ezagutzeko helburua du. Baliabideak kontuan hartuta, hiriko establezimendu guztietara bisitak egitea ezinezkoa denez, egitasmoaren lehen fase honetarako 600 establezimenduk osatutako lagin estrategikoa definitu da. Establezimendu horiek hiriko 7 auzotako 10 kale komertzialetan kokatuta daude. Hona hemen aukeraturiko auzo eta kale horiek:
Auzoak (7) - Kaleak (10)
Parte Zaharra: Fermin Calbeton kalea
Gros: Secundino Esnaola kalea
Egia: Karmengo Andre Maria kalea
Amara: Antso Jakituna eta Madril hiribidea
Erdialdea: Garibai, Hondarribia eta Urbieta kaleak
Antigua: Matia kalea
Altza: Larratxo pasealekua
Landa lana, bisitak, hasi aurretik, establezimendu horiei egitasmo honen berri emateko aurkezpen-gutuna bidali die Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak. Horrez gain, egitasmoan parte hartzen ari diren sektoreko elkarteek ere egitasmoa ezagutzera ºeman dute beren bazkideen artean. Establezimenduei buruzko informazioa jasotzeko, behar bezala kreditatutako elkarrizketagileek establezimenduak banan-banan bisitatuko dituzte datozen egunetan.
600 establezimendu horiek ezaugarri desberdinak izanik ( jarduera dela, neurria dela, auzoa dela,…) bertatik ateratako informazioa baliagarria izango da duten egoera ezagutu eta dituzten beharrak ezagutzeko. Informazio hori jaso eta emaitzak ezagututa, Udaleko Euskara Zerbitzuak eskaintzen dituen zerbitzuen egokitasuna eta eragina aztertu beharko ditu eta aurrera eman beharreko urratsak zehazteko baliagarria izango da oso. Hori guztia noski, sektoreko eragileen iritzia kontuan hartuta eta beraiekin elkarlanean.

