Merkatariek eta ostalariek otsailaren 17a baino lehen eman beharko dute izena euskara ikastaroetan
Azken urteetan 200 pertsonek egin dituzte ikastaroak eta oso balorazio positiboa egin dute.
Donostiako Euskararen Udal Patronatuak merkatarientzako eta ostalarientzako euskara ikastaroen 2010eko lehen deialdia jarri du martxan. Horrela, otsailaren 17a arte zabalik dago I Modulua eta II Modulua, eta Lanerako idazkiak I eta Lanerako idazkiak II ikastaroetan izena emateko epea.
I eta II Modulua ikastaroek HABEk landutako Dendaketan eta Ostalaritzan ikasmateriala dute oinarri eta ulermenerako eta komunikaziorako gaitasuna hobetzeko lehen urratsak ematea dute helburu. Hizkuntza oinarriak eta edukiak finkatzeko eta osatzeko, oinarrizko hiztegia, agurrak, ohiko egoeren simulazioak eta errotuluak landuko dituzte, besteak beste. Ikastaro horiek 60 orduko iraupena izango dute eta astean lau edo sei ordu emango dituzte.
Lanerako idazkiak I eta II ikastaroetan, berriz, Euskararen Udal Patronatuak eratutako materiala erabiltzen da. Lanerako beharrezkoak dituzten idatzi laburrak sortzen ikasiko dute merkatariek eta ostalariek, faxak, e-postak, fakturak, merkataritzako gutunak eta antzekoak landuz. Ikastaldi horietako bakoitzak 25 orduko iraupena izango du eta 30 euroko kostua.
Ikastaroren batean parte hartu nahi dutenek Euskararen Patronatuaren; Gipuzkoako Merkatarien Federazioaren; Dendass, Zaharrean-Centro Erdi, Auzoa merkataritza elkarteen edo Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen egoitzetan eman dezakete izena, baita www.euskaraz.net eta www.merkatari.net webguneetan ere. Azken bi urteotan egindako ikastaroetan 200 pertsonek hartu dute parte eta Euskararen Patronatuko ordezkariek diotenez, ikastaroak amaitutakoan oso balorazio positiboa egin dute.
- Otsailaren
16a da dendariek euskara ikastaroetan izen emateko duten azken eguna Irutxuloko Hitza
- El
Ayuntamiento organiza cursos de euskera dirigidos a hosteleros y comerciantes Noticias de Gipuzkoa


