Merkatarientzako eta ostalarientzako euskara ikastaroak antolatuko dituzte irailean Donostian
Euskara ikasteko lehen urratsak ematea zein idatzizko-komunikazio gaitasuna hobetzea dira helburuak.
Donostiako Euskararen Udal Patronatuak eta hiriko merkatarien eta ostalarien elkarteek eta federazioek sektore horretako langileentzako ikastaroak antolatu dituzte. Eskolak irailaren bigarren hamabostaldian hasiko dira. Ohi bezala, bi helburu izango ditu: bezeroei zerbitzua euskaraz emateko oinarrizko baliabideak eskuratzeko lehen urratsak ematea eta bezeroekiko harremanetan zein lankideekiko harremanetan idatzizko komunikazio-gaitasuna hobetzeko hizkuntza-ezagutza zabaltzea.
Lehen urratsak emateko bi ikastaro eskainiko dituzte: I Modulua eta Jarraipen Moduluak. Lehena, HABEk diseinatutako Dendaketan eta Ostalaritzan materialean oinarritzen da eta zerbitzua euskaraz ematen hasteko oinarrizko komunikazio gaitasuna lantzea du xede. Bigarren ikastaroa, aldiz, ulermenerako eta komunikaziorako gaitasuna hobetzeko, hizkuntza oinarriak eta edukiak finkatu eta osatzean datza. Bi ikastaroak 60 ordukoak izango dira eta 60 euro balio dute.
Idatzizko komunikazioa lantzeko ere bi ikastaro emango dituzte: Lanerako idazkiak I eta Lanerako idazkiak II. Lehena, laneko idatzi laburrak sortu ahal izateko idatzizko komunikaziorako oinarrizko gaitasuna lantzeko da eta bigarrena, berriz, oinarrizko gaitasun horiek zabaldu eta hobetzeko. Biek Euskararen Udal Patronatuak sortutako Lanerako idazkiak materiala izango dute oinarri. 25 orduko ikastaroak izango dira eta 30 euro balio dute.
Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek abuztuaren 20a baino lehen eman behar dute izena Euskararen Udal Patronatuaren, Gipuzkoako Merkatarien Federazioaren, Dendass, Zaharrean-Centro Erdi eta Auzoa elkarteen edo Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen egoitzetan. Interneten www.euskaraz.net eta www.merkatari.net helbideetan egin ahal izango da izen-ematea.
- Merkatarientzako - Ostalarientzako euskara ikastaroak Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea

