Hemen zaude: Hasiera Albisteak Merkataritzako langileentzako euskara klaseak martxan daude

Merkataritzako langileentzako euskara klaseak martxan daude

2008/10/02

2008ko bigarren deialdia da, eta merkatarien lau talde hasiko dira euskara-klaseak jasotzen.

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak 2007ko irailean jarri zituen martxan lehen aldiz merkataritzako eta ostalaritzako 60 orduko euskara-ikastaroak. Egin den deialdi bakoitzean Euskararen Udal Patronatua eskaintza osatzen joan da, eta hala, euskara-ezagutzarik ez dutenentzako moduluez gain (Dendaketan I eta Ostalaritzan I) euskara-oinarri txikia izanik ulermen-maila eta oinarrizko komunikazio-gaitasuna landu nahi dutenentzako modulu espezifikoak diseinatu ditu (Dendaketan II eta Ostalaritzan II).

Horretaz gain, euskaraz idazteko gaitasuna lantzera (fakturak, erreklamazioak, gutunak…) bideratutako 25na orduko bi modulu bideratu ditu Lanerako idazkiak liburuxkan oinarrituta.

2008ko bigarren deialdian euskara-maila desberdineko 55 merkatarik eta ostalarik eman dute izena euskara-klaseetan. Irailaz geroztik 40 merkatari ari dira euskara-klaseak jasotzen, lau taldetan banatuta. Horietako hiru jarraipen taldeak dira, eta ikasle gehienak Dendaketan II modulua egindako merkatariak dira. Ondoko euskaltegietan ematen dira klaseak: Irrintzi AEK (Gros), Urumea (Prim kalea), Legazpi 6 (Parte Zaharra) eta Ilazki (Parte Zaharra).

Orain arteko deialdietan eskaintza honek izan duen arrakasta ikusita Euskararen Udal Patronatuak merkatari eta ostalarientzako euskara-ikastaro espezifikoak antolatzen eta eskaintzen jarraitzeko asmoa du. Horrela, urtero bi deialdi egingo dira, bata otsailean eta bestea uztaila aldera.

Euskara ikastaro hauei buruzko informazio osagarria nahi izanez gero Euskararen Udal Patronatura e-postaz mezu bat idatz dezakezue udala_euskara@donostia.org helbidera edo telefonoz deitu 943 483 750 zenbakira 9:00etatik 14:00tara.

Merkataritzako langileentzako euskara klaseak martxan daude

Euskararen Udal Patronatuak merkatari eta ostalarientzako euskara-ikastaro espezifikoak antolatu ditu.