Ostalari eta merkatarientzat euskara ikastaroak martxoan hasiko dira
Otsailaren 1etik 15era arteko epea dute euskara ikastaroetan izena emateko. Oinarrizko ikastaro berezituak dira eta oso praktikoak
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak merkataritza eta ostalaritzako langileentzako euskarazko ikastaroen eskaintza egin du berriro aurtengorako. Martxoan abian jarriko diren ikastaroak merkatari eta ostalarien neurrira prestatuta daude, hizkuntzaren ezagutzan eta komunikazio gaitasunean urratsak eman ditzaten. Oinarrizko ikastaro praktikoak eskaintzen dira eta horien helburua bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna lortzea da. Ikastaroetan lan-esparruko egoera arruntei dagozkien hizkuntza-oinarri batzuk jorratuko dituzte: oinarrizko hiztegia, agurrak, ohiko egoeren simulazioak, errotuluak…
Bestalde, euskara jakin arren, idatzizko komunikazio gaitasuna hobetu nahi dutenentzat ere ikastaroak eskainiko dira. Ikastaro hauetan laneko idatziak landuko dira: faxak, e-mailak, fakturak, gutunak, erreklamazioak…
Izena emateko epea otsailaren 1ean zabalduko da eta interesatuek hilaren 15erako eman beharko dute izena Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan (Konstituzio plaza 2),
www.merkatari.net edo www.euskaraz.net web guneetan edota sektoreko elkarteren batean: Gipuzkoako Merkatarien federazioa, Dendass, Zaharrean-Centro Erdi, Auzoa eta Gipuzkoako Ostalarien Elkartea
