Merkataritzako eta ostalaritzako langileentzako euskara ikastaroak
Euskara ikastaroen eskaintza merkataritzako eta ostalaritzako langileentzat.
Donostiako Euskararen Udal Patronatuak merkataritza eta ostalaritzako langileentzako euskarazko ikastaroen eskaintza areagotu egin du. Oinarrizko ikastaro praktikoekin (modulo I) jarraitzeaz gain, patronatuak horren jarraipena (II.modulua) prestatu du aurreko urteetan parte hartu zuten langileek hizkuntzaren ezagutzan eta komunikazio gaitasunean urratsak ematen jarrai dezaten.
Oinarrizko bi ikastaro praktiko hauen helburua bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna lortzea da. Euskara-ezagutzarik ez dutenei zuzenduak daudenez oinarrizko komunikazioa landuko da, merkataritzako nahiz ostalaritzako lan-esparruko egoera arruntei dagozkien hizkuntza-oinarri batzuk jorratuz. Horretarako HABEK espresuki sortutako Dendaketan eta Ostalaritza ikasmateriala erabiliko da. Besteak beste, eduki hauek landuko dira: sektore hauetako oinarrizko hiztegia, agurrak, ohiko egoeren simulazioak, errotuluak…
Aukera berria euskara dakitenentzatBestalde, Euskararen Udal Patronatuak bi ikastaro berri prestatu ditu aurten euskara dakitenentzat. Bi ikastaro horiek hizkuntza-ezagutza zabaltzea eta batik bat, idatzizko komunikazio gaitasuna hobetzea dute helburu. Ikastaro hauetan laneko idatziak landuko dira: faxak, e-mailak, fakturak, gutunak, erreklamazioak…
Ikastaroa egiteko izena eman beharko da Euskararen Udal Patronatuaren bulegoan, www.merkatari.net edo www.euskaraz.net web guneetan edota sektoreko elkarteren batean: Gipuzkoako Merkatarien federazioa, Dendass, Zaharrean-Centro Erdi, Auzoa eta Gipuzkoako Ostalarien Elkartea.
Diruz lagundutako ikastaroakIkastaroak irailean hasiko dira, hainbat euskaltegitan eskainiko dira eta hiruzpalau hilabete iraungo dute. Oinarrizko bi ikastaroak 60 ordukoak dira eta bakoitzarengatik 60 € ordaindu behar da. Idazteko gaitasuna hobetzeko ikastaroak berriz, 25 ordukoak dira eta 30 € balio dute. HABEk eta Euskararen Udal Patronatuak diruz lagundutako ikastaroak dira.
Merkataritzan eta ostalaritzan eragiteko bidean sakonduzMerkataritzak eta ostalaritzak hiriko ekonomi jardueran eta gizarte bizitzan ezezik euskararen normalizazioaren bidean ere eragin eta garrantzi handia dute. Hori dela eta, Euskararen Udal Patronatuak sektore honetako langileen euskararen ezagutzan eta erabileran eragiteko bideak jorratzearekin batera, sektorean oro har euskararen erabilera areagotzeko lanean ari da (www.merkatari.net wegunea zabaldu du merkatari eta ostalariei zerbitzu hobea eskaintzeko; establezimenduetako kanpo errotularioa euskaraz edo elebietan jartzeko diru laguntzak ematen ditu; testu laburren itzulpena, zuzenketa edota zalantzak argitzeko zerbitzua eskaintzen du...)

