Euskara ikastaroetan izen emateko aukera berria merkataritzako eta ostalaritzako langileentzat
Euskararen Udal Patronatuak izen emateko epea zabaldu du dagoeneko.

2009ko deialdian bezala oinarrizko ikastaro praktikoekin (modulo I) jarraitzeaz gain, patronatuak horren jarraipena (II .modulua) prestatu zuen aurreko urtean parte hartu zuten langileek hizkuntzaren ezagutzan eta ikasketa prozesuan aurrera egin dezaten.
Aipaturiko moduluetan HABEk sorturiko Dendaketan eta Ostalaritza ikasmateriala erabiltzeaz gain euskaltegiak alorreko komunikazio beharretara egokitutakoa erabiliko da. Besteak beste, eduki hauek lantzen dira: sektore hauetako oinarrizko hiztegia, agurrak, ohiko egoeren simulazioak, errotuluak… Ikastaro hauek 60na € ordaindu behar dira, eta materialaren kostua berriz, 15 €koa da. Asistentziaren % 85 betez gero, Euskararen Udal Patronatuak materialaren truke ordaindutako kopurua itzuliko du.
Idatzizko gaitasuna landu nahi dutenek ere badute aukerarik
Bestalde, aurreko deialdietan bezala Euskararen Udal Patronatuak euskara dakitenentzat ere eskaintzen du aukerarik. Lanerako idazkiak I eta Lanerako idazkiak II moduluen bitartez (25na ordutakoak) hizkuntza-ezagutza zabaltzea eta batik bat, idatzizko komunikazio gaitasuna hobetzea dute helburu eta bereziki interesgarriak dira aholkularitza eta kudeaketa alorretan edota inprentetan lanean dabiltzanentzat. Ikastaro hauetan laneko idatziak landuko dira: faxak, e-mailak, fakturak, gutunak, erreklamazioak eta 30 €-ko kostua dute.
Izena emateko epea zabalik dago eta interesatuek otsailaren 16a baino lehen eman beharko dute izena Euskararen Udal Patronatuaren bulegoan, izen emateko orri honen bidez edota sektoreko elkarteren batean: Gipuzkoako Merkatarien federazioa, Dendass, Zaharrean-Centro Erdi, Auzoa eta Gipuzkoako Ostalarien Elkartea. Interesa dutenek Euskararen Udal Patronatura ere dei dezakete: (943) 483750 (9.00-14:00).
Ikastaro hauek otsailaren amaiera aldera hasiko dira, eta gutxigorabehera hiru hilabete eta erdi iraungo dute.




