Hemen zaude: Hasiera Ostalaritza Literatura Bilintx

Bilintx

"Potajearena" (Bilintx, XIX.)

Egunaren izena ez dakit nola zan

baina seinalagarri partidu bat bazan

pelotan jokatzeko Oiartzungo plazan;

nahi det nere orduko gertaera esan,

hurrengoan beste bat eskarmenta dezan.

Partidua jokatzez bukatu zanean

ostatura joan nintzan zuzen-zuenean;

mahaiera jana ekartzen hasi ziranean

apaiz bat zerbitzen zan aurren-aurrenean,

makina bat sartu zan haren barrenean.

Zintzur ona zuela klaro seinaleak

eman zituan apaiz barbantzu zaleak,

dozenaka tragatzen zituan aleak,

maskatu ere gabe tripazain jaleak,

halako gisa nola antxoa baleak.

Tragatuko zituan ihar ta heziak,

ez ziran haren dina zetozten klasiak,

etorri orduko zeuzkan tripara jetsiak,

kortesia gabeko txapela-luziak:

harek nahikoa jan ta ni berriz gosiak.

Nere ditxa guziak badute egia,

noski naiz Jaungoikoak ahaztutzat lajia,

goseak egin nuen hango biajia,

kulpa duenarentzat daukat korajia,

apaiz batek jan zuen nere potajia.

Geroztik ostatuan sartu ordurako,

galdea egin gabe ez dut nik lajako,

egun hartan apaizik ote dan harako;

ez apaiz jaun guziak igual diralako,

baizik batek beldurra sartu zidalako.