Hemen zaude: Hasiera Ostalaritza Literatura Domingo Agirre

Domingo Agirre

"Ez dela inon Euskal Herrian beste" (Domingo Agirre, 1912)

Euskal gizasemeak, bazkari on baten aurrean, errez laga oiditu alde batera naigabe ta zeregin guztiak.

Batez ere naigabea barru barrura sartu ezpazaio ta zeregiña gerorako edo urrengorako utzi albaleike.

Onak eta jatunak omen gera ta...

Onak, onak... Ori geuk aitatzea baño beste batzuk agertzea obeko degu. Jatunak gerana bai, gauza garbi ziurra da, norbere gorarik eztakar ta neronek azaldu dezaket. Ezta orregatik iñor lotsatuko, ez. Bai zera lotsatu! Ollasko ta illar berrien oroitzaz zearo poztu, ezpañak miazkatzen jarri. Orain dala ordubete ikusi det gizon guri potrollo bat. «Eztezu txilborra makala!» —esan diot. Eta badakizu zer erantzun ditan, irakurle? «Kostata. Alduanak dauka».

Al izatea gure atsegin. Al izan ezkero, iñondik badegu, apukorik bada, ezin gindezke eguneroko babarrunak janda egon Ez, aukera danean, amarretakoa, amaiketakoa, lauretakoa, azken ordukoa, dena dator ongi, ta gure urdallak eztu beñere ezetzik esango.

Ta mutillak gera gu apukoak billatzen. Aurraren jaiotza, auzokoaren eriotza, ezagunaren Meza berria, lagun baten etorrera, adiskideari agur egitea, urlia edo urliziari egun-onak ematea; txerria il dutelako, erbia atxitu degulako, eskalluak ekarri dituztelako, arkumea merke dabillelako; gaztetan indar egiteagatik eta zartzan indarra ez galtzeagatik; neguan otzari gogor egin daiogun ta udan izerdiak bigundu ez gaitzan; Gabonak dirala, Iñauteriak dirala, zezenak edo adarrak dirala; San Juanak, San Pedroak, Andre Mariak, edozein doneren jaiak, edozer eratako jolasak... beti daukagu zerbaiten apukoa ta beti jan egin bear, asko jan, galanki edan, zintzurreraño bete, ok egin, ase, ito ta upeldu.

Jatunak alderdi guztietan dira, baña egingo nuke eztala iñon Euskalerrian beste ollo-jale ta Txanton Piperri.