Juan Antonio Mogel
"Peru Abarka" (J. A. Mogel, 1802)
Eskuz ebagi, hatzakaz eta ogiz batu
PERU: Ez daigun edan zerbait jan artian. Neskatilla, ekarri egiguzuz topinian ikusi ditudan arbi, aza, ta okelia erretillu baten. Ez egizu ekarri saldarik, ta bai katillu bat, ardaua gero edateko.
MAISU JUAN: Adiskidia, zer da erretilluba? Platerian ateraten dira aza ta okelia.
PERU: Erretilluba da euskaldunen platera. Ekarriko deuskuben erretillubak euko ditu gitxienez berrogei urte, ta iraungo dau beste hainbeste urtian. Zure bestelango platerok hausten dira egunian behin lurrezkuak badira, ta bestelanguak, edo urtu oi ditu subak, edo hausita saldu edo trukau bihar izaten dira. Zurezko kollara bat ekarten badeuskube, ezta gitxi izango. Barriz alperrak dira nik etxe batzubetan ikusi ditudan oratzalle, zubek tenedoren izena emoten deutseezunak. Zetako emon euskuzan Jangoikuak hamar atzak edo atzamarrak? Askoz gozuago dira aza ta okela zati eskuz ebagi, atzakaz ta ogiz batu, ta jaten dirianak. Ondo izango da zamau lodi bategaz estalduten badeuskube mahai ardao zetakaz zikinduba. Euskaldunak bagara benetan, bizi bihar dogu geure aasabak erakatsi deuskubezan ekandubakaz. Serbilleta orainguen ordian eztaukazu imini baino haus-zapi, edo marrats bat lohitu etzaitian. Ekarri daigubela galleta baten ura, ardauari ezarri gura badeutsazu, bada niri ur-ardauak egingo leusket sabeleko mina. Nik biti bat; edo ardao hutsa, edo geijenian ur hutsa.
MAISU JUAN: Errazoia daukazu: ez dira alkar ondo konponduten ardaua ta ura. Urte asko da urik edan eztodala saldaan ezpada.
PERU: Neskatilla, ingira zaite, sabel-zorrija egin jaku, ta edanguria, hainbeste berbaren ondoren. Dulabre ta ezertakuak dirian otseiñak, arin egin bihar ditube gauza guztijak. Ekarri eiguzu ekarriko dozuna.
****
Gose onarentzat ez dago jaki dongerik
MAISU JUAN: Ze okela plaga da hau? Zalago dago zoruba bera baino. Azook balzak ta keetsubak jaraozak. Arbijak gogor egosi bagaak.
PERU: Maisuba, ondo milika ta buperia zagoz. Uste zenduban ipiniko euskubezala eperrak, ollandak, ollagorrak, ta handikijen mahaijetako janari gozuak? Okelatzat ipini jaku aketirenaren haragi gazituba. Idi gizen, ta zezin egitekuak eruaten ditugu olagizon, ta aberatsen etxeetara, diru ederrak hartuteko, ta gu languen etxeetarako gordeten ditugu txahaltxu, idisko, behi zahar edo aketirenak. Gose onarentzat ez dago jaaki dongarik. Aberatsen mahaijetan etxakee hain gogoz ekiten geeli gizen, ta hegaztijai, zelan baserri etxeetan arbi, aketiren, ta aza lurruna darijuenai. Ogi zurija haentzat baino, gozuago da guretzat arto erregutada galanta. Talo ondo egina hauspian, morokilla, eznia, gaztañak ta sagarrak daukazan nekezalia, dontsuago da handiki guztiak baño. Milikerijen artian ez da haragi sendorik egiten. Begiratu baserri-mutill, ta gizon gaztiai, zein mardo, ta mamintsubak daukeezan matralla alde ta zankuak. Zimentu onak daukazan etxia, iraunkorrago da argalak daukazana baino. (...) Ez da alan? Maisu Juan, zetako zabiltz bada arpegi txar, higuina ta mukertasuna agertuten erretillu honetan bota deuskubezan lapikokuai? Jaizu arin.
MAISU JUAN: Jan bihar zer edo zer besterik ez daguanian. Baina bildur naz errebesau ez daidan, edo haize dongaz bete ez nadin.
PERU: Jan daigunian erdiraino, emongo deutsut edaaten ardaua.
MAISU JUAN: Ezin egon neinde artietan edan baga. Hartu ditut zelan halan hatskada bi aza, aketiren onen atal bat; ta iruntsiko badot, edan bihar dot. Ekartzu laster trago bat.

