Hemen zaude: Hasiera Zerbitzuak Informazio eta sentsibilizazio kanpaina

Sentsibilizazio kanpaina ostalaritzan eta merkataritzan

2008/11/13

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak informazio eta sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan euskararen presentzia gehitzeko helburuarekin hiriko ostalaritza eta merkataritza establezimenduetan. Patronatua ahalegin berezia egiten ari da azken hilabeteotan euskararen erabilera areagotzeko hiriko merkataritza eta ostalaritzan, eta informazio kanpainak aurrerapauso sendoak ematen jarraitzeko balioko du.

Merkataritza kanpaina 1

 

 

Informazio eta sentsibilizazio kanpaina hiru zatitan egingo da. Aste honetan egingo den lehen bidalketan, euskarak Donostian duen garrantzia agerian uzteko zenbait datu emateaz gain, Euskararen Udal Patronatuak azken hilabeteotan martxan jarritako zerbitzuen arrakastaren berri emango da: 132 merkatarik egin dituzte berariazko euskara ikastaroak eta duela bost hilabete www.merkatari.net webean sortutako menuak euskaratzeko bihurgailuak 1.500 kontsulta jasotzen ditu hilero. Patronatuak eskaintzen dituen zerbitzuek harrera ona izan duten arren, patronatuak beharrezkoa ikusten du eskaintzen dituen zerbitzuen gainean  informatzen jarraitzea euskara gero eta erabiliagoa izan dadin.

 

Abenduaren hasieran egingo den bigarren bidalketak Euskararen Udal Patronatuak ostalariei eta merkatariei eskaintzen dizkien zerbitzuen gaineko informazioa emateaz gain (errotulazioetarako diru laguntzak, sektoreko langileei zuzendutako ikastaroak, itzulpenak eta zuzenketak jasotzeko aukera, menuak euskaratzeko bihurgailua, eta abar),   uztailaren bateko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko dekretuari buruzko azalpenak emango ditu.  Donostian dekretu honen eraginpean (400 metro karratu, 250 langile, 50 milioi euroko negozioa eta jendearen arretarako 15 pertsona erabiltzen dituena) dauden establezimenduak gehiengoa ez diren arren, Euskararen Udal Patronatuak gogoratu nahi die sektoreko profesional guztiei euskara erabiltzea onuragarria izan daitekeela bere negoziorako.

 

Merkataritza kanpaina 2

 

Euskara erabiltzeko hitz eta esamoldeen zerrenda eta euskarrien banaketa

 

Hirugarren eta azken bidalketa datorren urte hasieran egingo da. Sektorea lau azpi sektoreetan banatu da (elikagaiak; arropa eta osagarriak; drogeria eta lurringintza; eta ostalaritza) eta bakoitzean gehien erabiltzen diren hitzak eta esamoldeak jasoko dira. Langileek eskura izango duten hitz eta esamoldeen zerrenda berezitu eta praktikoa izango da, eguneroko lanetan euskara barneratzeko balioko duena (etiketak zein errotuluak idazterakoan, oharrak jartzerakoan, publikoari arrera egiterakoan…).  

 

Hitz eta esamolde horiez gain, zenbait azpisektoretan erabilgarriak diren euskarriak banatuko dira (etiketak zein prezioak jartzeko euskarriak, izendapenak PVCn, beherapenak edota eskaintzak adierazteko euskarriak eta abar). Azken finean, ostalariek eta merkatariek bezeroak informatzeko erabiltzen dituzten euskarriak banatuko dira eta horietan euskararen presentzia ziurtatuta egongo da.

 

Merkataritza kanpaina 3

 

Euskararen balioa merkataritzan eta ostalaritzan

 

Donostiar euskaldunen kopurua hazten ari da etengabe, bereziki gazteriaren artean. Gero eta bezero gehiagok jaso nahi dute arreta euskaraz eta sektoreko profesionalak ari dira urratsak ematen behar horri erantzuteko. Euskararen Udal Patronatuak hainbat baliabide jartzen ari da ostalari eta merkatarien esku euskara barneratu dezaten beraien establezimenduetan eta sektoreko langileek euskararen ezagutzan eta erabileran urratsak eman ditzaten.

 Testuinguru horretan dago abian jarriko den informazio eta sentsibilizazio kanpaina. Patronatuak jakinarazi nahi die ostalari eta merkatariei behar duten laguntza izango dutela eta dagoeneko hainbat tresna jarri dituela euren esku.